XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina anaia beti izango da anaia, eta ezindua baldin badago anaiago.

Adina honek ere.

Edade batetik aurrera karta ustelak bezain erraz etortzen baitira urteak.

Agirre'tar zaharrena ohean dago, erdi elbarritua.

Eta soroak etxera beha daude, belarra nork ebakiko.

Uztaila da, eta seme-alabak oporretara joanak ditu.

Bakarrik dago Martin Agirre, Casablancako nagusia.

Bakarrik eta oheraturik.

Bakarrik baino okerrago ia, egun anaia etorri baitzaio laguntzera.

Eta anaia zoro honengandik zer arraio espero dezakek disgusturen bat ez bada?

Badik eskua, bai, elektrika eta halakoak konpontzeko, baina baserri lanetan kaletarra duk oso gure Metxa hau.

Orain ere hor somatzen du segagailua ezin arrankaturik.

Indarrik ere ez dik, gizarajoak.

Nolako otorduak egiten ote dizkik honek...

Gazterik alargundua eta, ganorarik gabeko otorduak.

Bapo jaten dik bai, baserrira hurbiltzen denetan...

Nahikoa lan badu alafede Metxak segagailu zaratatsu hau maldan gora eramaten, luberriko belardietara.

Gustoko lekuan aldaparik ez.

Ez diat ez, aldaparik gabekoa lan hauxe baina, anaia beti senide.

Badaki artrosiak ez duela barkatzen.

Bihar eskuak indarge izango ditu, eta hezur guztiak dardar batean.

Sargori dator eguna.

Izerditu beharko diagu.

Hor dabil berriz erle madarikatu hori goian jiraka, igandeetan ere ez dute jendea bakean uzten mendi-zerri horiek.

Aluak!

Aldian behin, Casablancako nagusia erdi altxa eta leihotik beha gelditzen zaio anaiari.

Zoro honek ez dik gauza onik (...)